Nekazari gazte bat hil da Gaubean (Araba)
Traktorearekin lanean zegoela
ibilgailua irauli zen gaztea haren azpian harrapatuz
· Astebetean modu berean hil den bigarren langilea da
Izaskun FRESNO
25 urteko nekazari bat hil zen atzo Gaubean (Araba) lanean ziharduela.
Arratsaldeko laurak aldera jazo zen ezbeharra. Dirudienez, baserri baten
inguruko lur sailetan traktorearekin lanean ari zen gaztea eta ustekabean
ibilgailua irauli, eta haren azpian harrapatuta geratu zen. Hartutako kolpearen
eta egindako zaurien ondorioz, momentuan bertan hil zen. Ertzaintzak istripuaren
zergatiak ikertzen ari da atzotik.
Astebetean modu berean hil
den bigarren langilea da. Joan den asteartean, oso antzeko baldintzetan
jazotako beste istripu batean, 42 urteko nekazari bat hil zen Urrotzen
(Nafarroa). Xebe Matxiñena traktorearekin belarra mozten ari zen Urrozko
Iriartekoborda baserriaren inguruko lur sailetan, bere traktorea pendizean
behera joan eta irauli egin zen, gidaria azpian harrapatuz.
·
Urtea
hasi zenetik, 34 langile hil dira Euskal Herrian. Iaz 80 langile hil ziren, eta
duela bi urte, 112
Orain astebete,
baserritarrek denbora gutxi eta lan asko izaten dutela zioen LAB sindikatuak,
Matxiñenaren heriotza gaitzesteko hedabideetara igorritako ohar batean.
Ostegunean, gainera, LABek deituta elkarretaratzea egin zuten Donezteben,
istripu oro gaitzesteko eta prebentzio neurriak eskatzeko.
Lanean hildakoak
LABen arabera, urtea hasi zenetik gutxienez 34 langile zendu dira Euskal
Herrian, lanean ari zirela izandako ezbeharretan. Iaz 80 langile hil ziren, eta
duela bi urte, 112. EHENk dio ekoizpen eredua dela istripuen eragilea.
Nekazaritza sektorean gertatzen diren lan istripu gehienen atzean ekoizpen
eredu bera dagoela uste du EHNEk. Ahalik eta gehien produzitzea helburu duen
eredu industriala bultzatzeak, nekazarien lanaldiak luzatu egiten dituela
gaitzetsi du, “askotan baldintza txarretan gainera”.